Eu / Cast /Eng
banner

Berriak

Mamo Wolde Gipuzkoa Sariaren 15. urteurrena.

2017ko Urtarrilak, 21

kartela

Argazkia: Mamo Wolde Gipuzkoa Saria 2016 (mintxeta.com).

Datorren igandean, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen Mamo Wolde Sariaren 15. edizioa ospatuko da. Sari hau, garai artan, Kiroletako Zuzendari zen Kote Olaizola ahaztezinak sortu zuen, eta Mamo Wolde atleta etiopiar handiari, hau da, Juan Muguerza krosa nazioartekotu zuen estreinako atletari, zor dio izena. Azken hamarkada honetan, hainbat herrialdetako taldeek eta atletek parte hartu izan dute lasterketa honetan, hala nola, Ingalaterra, Portugal, Frantzia, Italia, Belgika, Hungaria eta Marokokoek. Gainera, lasterketa honek Madrilgo eta Kataluniako Federazioen laguntza jaso izan du. Azken federazio hau eta Ingalaterrako taldea dira sari ospetsu honetan sarrien parte hartu izan dutenak.

Aurtengo edizioan, bestalde, nazioarteko atletak izango ditugu gure artean. Hain zuzen ere, Ingalaterrako taldeak parte hartuko du lasterketa honetan, emakumeen talde sendo batekin. Berrikuntza gisa, Euskal Federazioko eta Nafarroako Federazioko taldeak etorriko dira gurera, gure artean ohikoa den Federazio Katalanaz gain. Federazio hauek gonbidatu nahi izan ditugu urteurren honi beste ukitu bat emateko, eta bidenabar, federazio horiei beraien erkidegoetako koloreak Mintxetako zelaietan erakusteko aukera emateko. Horretaz gain, estatuko maila goreneko atletek ere parte hartuko dute lasterketa honetan, bai emakumezkoen, bai gizonezkoen kategorian.

Mamo Wolde Gipuzkoa Sariaren Ohorezko Taula
mamo wolde tabla