Eu / Cast /Eng
banner

AGURRA

saludo

Aurten, berriro ere, Nazioarteko Muguerza Krosarekin gatoz urtarrilarekin batera, hain zuzen, gure herriko kirol jarduerarik garrantzitsuenarekin. Izan ere, urte honetan, 74. edizioa egingo duen kirol ekitaldi hau mantentzen jarraitu nahi dugu. Azken bi urteotan munduko krosaren kategoriarik gorenean egon ostean, oraingoan, Europako kategorian egongo gara, EAAren (European Athletics Association) egutegiaren barruan.

Berriki, beste hitzarmen bat sinatu dugu Elgoibarko Udalarekin; eta horri esker, krosaren etorkizuna ziurtatu dugu 2019 urtera arte. Oso albiste garrantzitsua da guretzat, eta horrexegatik, eskerrak eman nahi dizkiogu udal korporazioari, baita elgoibartarrei ere, eman diguten laguntzagatik; krosa guztiona baita. Hala, jasoko den diru-laguntza krosak urtero izango duen kategoriari loturik egongo da; eta horrexegatik, geure buruari ahalik eta esfortzurik handiena eskatuko diogu.

Bestalde, klubaren jarduerarik nagusiena atletismo eskola da, gure herriko neska-mutikoei zuzentzen zaiena. Hala ere, Soraluzeko, Debako eta Mendaroko atletak ere baditugu, eta hori azpimarragarria da gure ustetan. Horretaz gain, Korrikedada berreskuratu dugu, emakumeentzako kirol jarduera. Ildo horretatik, inskripzioak egiten hasi gara, eta erabiltzaile berriak animatu nahi ditugu, izena eman dezaten. Halaber, Gau Krosa eta gaueko San Silbestre lasterketak antolatzen jarraitzen dugu, hurrenez hurren, irailean eta urteko azken egunean izaten direnak.

2017an, berriz, Elgoibarko Klub Deportiboaren mendeurrena ospatuko dugu. Klub Deportiboa izan zen lasterketa honen estreinako antolatzailea, 1943 eta 1962 urteen bitartean, zeregin horretan aritu zena. Eskerrak eman nahi dizkiegu, bada, krosaren sortzaile izan ziren haiei; beraien asmorik nagusiena gure herriko atletarik handiena, Juan Muguerza Sasieta, omentzea izan baitzen.

Hala ere, mendeurren eder hau ospatzeaz gain, krosari laguntza eman dioten, krosa handi bihurtu duten eta, probaren garai ezberdinetan, krosarentzat berebizikoak izan diren pertsonak gogorarazi behar ditugu, aurten, gure artetik joan zaizkigunak; izan ere, hori konponezinezko galera izan da iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko gure krosarentzat. Horrexegatik, pertsona horien omenez, minutu bateko isilunea egingo dugu, bai Udaletxean, bai proba egunean bertan, lasterketa absolutua hasi aurretik. Hona hemen gogorarazi eta omenduko ditugun pertsonak: Jose Gurrutxaga, urte askoan, Egotokiko batzordean krosaren zuzendari tekniko izan zen eta Mintxeta Atletismo Taldearen koloreak defendatu zituen atleta beteranoa; Ricardo Garate, Egotokiren azken garaian batzorde antolatzailearen partaide, eta 7 urtean, Udaleko Kirol zinegotzi izan zena; eta azkenik, Mikel De Pablo, azken urteotan, logistika boluntarioa eta megafonia laguntzaile izan zena. Betiko izango zaituztegu gogoan.

Horrela, trantsiziozko edizio honetan, Krosaren 75. urteurrena (2018 urtean) ospatu aurretik, gure helburua da ahalik eta kirol ikuskizunik hoberena ematea. Horrexegatik, horretarako gai diren atletak kontratatuko ditugu; hartara, Elgoibarrek eta Gipuzkoak oihartzun handiagoa izan dezaten. Beraz, 2017ko urtarrilaren 22an, igandea, Mintxetako harmailak, igerilekuak eta zelaiak adin guztietako pertsonaz beterik ikusi nahi ditugu. Egongo gara!